BONAPARTE ONDAREKO ESKUIZKRIBUAK - FONDO BONAPARTE
   
Euskara|Español|English
manuscrito
|| TESITEK ||
BONAPARTE ONDAREKO ESKUIZKRIBUAK - FONDO BONAPARTE
Bonaparte

Testuaren tratamendua

Testuaren edizioak paperezko edizioaren informazioa eta arauak jarraitzen ditu. Testu bakoitzaren goiburuek, egilearen edo itzultzailearen informazioaz gain, eskuizkribuari dagozkion xehetasunak ematen dituzte: deskribapena eta egoera, katalogazioa, datatzea. Bonapartek bere laguntzaileekin mantendu zuen korrespondentzia ugariari esker, kasu askotan eskuizkribuaren transmisioaz eta testua itzultzera edo sortzera eragin zuten arrazoi linguistikoez informazioa eskain daiteke.

Dokumentuek eurek dakarten informazioagatik eta eskuizkribuen kronologiarekin erlazionatutako aspektuengatik, ikerlari eta dialektologoen mesedetan, testuen edizio kontserbakorra egiten da. Testu bati dagozkien aldaketa zehatzak egiten direnean, horretarako izan diren arrazoiak beti azaltzen dira sarreran edo oin-oharrean.

Orokorrean, ez dago arazo handirik grafia ezberdinak interpretatzeko, dokumentuak XVIII. eta XIX. mendeetakoak direlako. Bestalde, kasu askotan, testua sortzeko edo itzultzeko arrazoi dialektala kontutan hartuz, hotsen idazkerak balio berezia izaten du (Bonapartek berak argibideak eman zituen horretaz). Beste batzuetan, alternantzia grafikoak interesgarriak dira desfonologizazio bilakabideren edo polimorfismo fonetikoren bat agertzen dutelako, edo eta euskalkiaren edo azpieuskalkiaren aldaera artikulatzaileren bat. Errespetatu egin dira, beraz, originalaren grafiak, eta interpretazioa ere laguntzen da oin-oharren bitartez.

Puntuazioa eguneratu da, kriterio oso murriztatzailearekin, maiz ezinbestekoa zelako nahiz irakurketa zuzenerako, nahiz testua interpretatu ahal izateko, batez ere puntuazio markaren falta ia erabatekoa zen kasuetan. Koherentzia bilatu da beste puntuaketa ikur batzuk erabiltzean: galdera-ikurrak, harridurarenak, letra larriaren erabilera, beti ere euskarari buruzko egungo irizpideetara lotuz.

Edizio etiketatu honetan egindako aldaketarik handiena hitzen banaketa eta elkarketari dagokie. Horrekin hizkuntzalarientzako informazio garrantzitsua galtzen da; hala ere, beharrezkoa izan da testua eta haren edizioa prozesu erdiautomatikoak eskatzen dituen baldintzetara egokitu ahal izateko.

Edonola ere, aldaketak ahalik eta bigunenak izan dira. Irizpide orokorrak hauek izan dira:
  • Banatu egin dira izen eta aditz sintagmak osatzen dituzten elementuak: "andi vatequi", "gorpuz bat", "guciz poderoso", "aldi contan", "ecun cion", "sinisten cia?"; baita lehenengo elementuaren eraginez sortutako aldaketa fonetikoak ere: "ein tzacie", "izan tzeleic", "erran zquizu".
  • Banatu egin dira baita ondorengo motetako elementu morfosintaktikoak ere: nai, bear, bait, baino: "nai izan zue", "vaino len", "nai hizan zizun", "bihar tziuan", "publicacen baita", "nai du", "beño len".
  • Aditz-forma ezezkoetan, "ez" elementua ere banandu egin da, baita aldaketa fonetikoak eragin dituen kasuetan ere: "ez deila", "ez daveinec", "ez badeiteque", "ez ditzein", "ez guitzazu", "ez guitzala" "Ez tezagula", "ez tugunein", "ez tirelacos", "ez paitu", "ez tituenac".
  • Elementuak amalgamaturik agertzen direneko kasuak elkartuak utzi dira: "obronen" (<"obra onen), "beaute" (<bear dute), "veinipein" (<beinik bein), "yorquere" (iork ere).
  • "ganik", "garna", "daco" bezelako desinentziak batu egin dira: "Maria Virginaganic", "Geinaganic", "daudenenganic", "mundiuarenganic", "amavigarna", "vigarna", "sanduarendaco".
 
Testuen hautaketa|Analizatzaile morfologikoa|Analizatzaile sintaktikoa|Glosarioa|Testuen erkaketa|Batueratik
Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia UNIVERSIDAD DE DEUSTO · DEUSTUKO UNIBERTSITATEA