BONAPARTE ONDAREKO ESKUIZKRIBUAK - FONDO BONAPARTE
   
Euskara|Español|English
manuscrito
|| TESITEK ||
BONAPARTE ONDAREKO ESKUIZKRIBUAK - FONDO BONAPARTE
Bonaparte

Eduki Orokorra

Corpusa osatzen duten materialak bi taldetan sailka daitezke: L.L Bonaparteren eskariz eta bere ekimenez sortu zirenak; eta aurretik idatziak zirenak, Bonapartek berak lortuak edo beste pertsona batzuengandik, opari bezala, jaso zituenak.

Lehenengo taldea, kopuru aldetik handiena, bere laguntzaileek itzulitako testuak dira. Testu hauek, XIX. erdialdeko metodologia jarraituz, Bonapartek eskatutako herriko hizkeretara itzuliak izan ziren; batez ere, Doktrina Kristiana eta Testamentu Zahar eta Berriko liburuetako itzulpenak dira.

Egile asko ezagunak ziren, zenbait euskal literaturan ere izena zutenak

Bigarren taldean, jaso zituen eskuizkribuena, alegia, euskalki, idazle eta tipologia ezberdinetako testuak biltzen dira. Egile asko ezagunak ziren, zenbait euskal literaturan ere izena zutenak, esaterako, Eusebio Mª de Azkue, Juan Antonio Mogel, Jean Martin Hiribarren, Jean Baptiste Dasconguerre edo Joaquin Lizarraga. Beste kasu batzuetan aldiz, egileak ez ziren hain ezagunak eta, batzuetan, ezezagunak ere badira. Esaterako, Oñati edo Baztango hain aberats diren sermoien bildumek ez dute autore ezagunik; hala ere, agertzen duten hizkeraren kalitatea oso ona da.

Dokumentuen tipologiari dagokionez, barietate handikoa dela esan behar da. Bertsotan eta prosan idatzitako testuak daude. Generoa ere anitza da: doktrinala, pedagogikoa, soziala, olgetakoa eta epistolarra, besteak beste. Dokumentuen zati handi bat erlijiosoa da, eta horien artean gehienak, Doktrinak (70 bertsio) eta Testamentu Berriko San Mateoren Ebanjelioa (17 bertsio) itzulpenak dira; hala eta guztiz ere, horrek Corpusa oraindik interesgarriagoa bihurtzen du, testuak elkartuz, euskalkien eta aldaeren ikerketa sakonagoa egiteko aukera ematen baitu.

Azkenik, hizkeraren erabilerari dagokionez, erregistro ezberdinak ere gertatzen dira. Batzuetan, formalagoa eta zainduagoa da, beste batzuetan, ordea, bat-bateko hizkera eta hizkera herrikoia agertzen dute; edonola ere, kasu guztietan lekuan lekuko hizkeraren ezaugarriak agerian gelditzen dira.
 
Testuen hautaketa|Analizatzaile morfologikoa|Analizatzaile sintaktikoa|Glosarioa|Testuen erkaketa|Batueratik
Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia UNIVERSIDAD DE DEUSTO · DEUSTUKO UNIBERTSITATEA