BONAPARTE ONDAREKO ESKUIZKRIBUAK - FONDO BONAPARTE
   
Euskara|Español|English
manuscrito
|| TESITEK ||
BONAPARTE ONDAREKO ESKUIZKRIBUAK - FONDO BONAPARTE
Bonaparte

Laguntzaileak

Bonaparte Printzeak ezin izango zuen egin zuen lan izugarri handia burutu Euskal Herrian izan zituen laguntzaileen laguntzaz baliatu izan ez balitz. Lurralde guztietan, eta euskalki guztietarako, izan zituen kolaboratzaileak. Hauen eginkizuna zera zen: berak eskatzen zizkien itzulpenak egin, eskatzen zituen hizkuntza zehaztasunak bildu eta igorri eta Printzeak berak Euskal Herrira egin zituen bidaietan lagundu, baita aurrez aurre egiten zituen saioetarako lekukoak bilatu ere. Izan ere, laguntzaile kopuru zabal horrek benetako euskal akademia sortzen zuen eta esan daiteke euskararen inguruan lana egiteko garai hartan zeuden gizon prestatuenak zirela.

Laguntzaileen lekukotasuna bi modutan agertzen da, Ondareko eskuizkribuetan bilduak dauden testuetan, itzulpenak direnak, batez ere, eta Bonaparterekin izan zuten gutunketan, hauetan agertzen baitira zehatz eta mehatz hain interesgarriak gertatzen diren informazio soziolinguistikoa eta linguistikoa.

Laguntzaile nagusiak jarraian aipatzen diren hauek dira:

Aita Jose Antonio Uriarte Claudio Otaegui Bruno Echenique Joaquin Lizarraga
Jean Pierre Duvoisin Jean Martin Hiribarren Jean Baptiste Dasconaguerre Iribarnegaray Abadea
Cazenave abadea A. Salaberri D'Ibarrole Emmanuel Inchauspe J. B. Archu
Mariano Mendigacha Pedro Prudencio Hualde Mayo Pedro José Samper eta zaraitzera Pedro José Minondo eta aezkera
José Ignacio Arana S. J. Juan Antonio Moguel Beste batzuk BIBLIOGRAFIA



Aita Jose Antonio Uriarte

Arrigorriagan jaioa (1812-1869), frantziskotarra izan zen eta bere bizitza guztia euskarari eskaini ziola esan daiteke. 1856an, Bonapartek Bilboko San Nikolas elizan sermoia egiten entzun zuen eta ordutik bizkaierarako Printzeak izan zuen laguntzailerik garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. Londresera ere behin baino gehiagotan joan zen euskal testuen argitalpen frogak zuzentzeko. Azken urteak Bermeon eman bazituen ere, Zarauzko frantziskotarren komentuan zendu zen.

Egin zituen itzulpenak hauek izan ziren, ekialdeko azpieuskalkira: San Juan Apostolubaren Apokalipsisa, Salomonen Kanten kantia, Markinako Dotrina. I eta Markinako Dotrina II, (Agustin Pascual de) Iturriagaren Euskal Elkarrizketak, San Mateoren Ebanjelioa eta Benedicite; Mendebaldekora: Plentziako Dotrina, Orozkoko Dotrina, Arrigorriagako Dotrina, Arratiako Dotrina, Otxandioko Dotrina, Gernikako Dotrina, Bermeoko Dotrina; bizkaiera literarioa dei dezakegunera: San Juan Apostulubaren Apokalipsisa, Jonasen Profezija, Ruten Liburua eta Salomonen Kanten Kantea.

Bestalde, gizpuzkerara ere Testamentu Zahar eta Berriko hainbat liburu itzuli zituen, ia gehienak, eta Testamentu Berriko liburu batzuk behin baino gehiagotan ere bai, esaterako San Mateoren Ebanjelioarenak hiru bertsio egin zituen, Apokalipsiarenak bi eta Apostoluen Egiteenak beste bi. Printzeak emandako aginduak zehatz jarraitu zituen arren, bizkaieraren kutsua nabari zaie. Horregatik, ziurrenez, José Antonio Azpiazu segurarrari eman zizkion Bonapartek Génesis, Éxodo eta Levítico liburuak eta San Mateoren Ebanjelioa errebisatzeko eta zuzentzeko enkarguarekin; dena den, lan neketsua zenez hori, ez zuen kemenik izan, nonbait, lanarekin jarraitzeko, han gelditu baitziren Uriartek itzulitako ehunka orri zuzendu gabe


Claudio Otaegui

Gipuzkoako Zegaman jaioa 1836. urtean, 1859. urtetik Hondarribiako maisua izan zen eta han jarraitu zuen 1890. urtean hil zen arte. Euskaltzale handia, badirudi Bonapartek bultzatu zuela euskarazko itzulpenak egitera eta, horrez gain, lagundu ere egin zuen Printzea Nafarroan zehar 1866, 1869 eta 1870 urteetan egin zituen bidaietan. Gipuzkoan Bonapartek izan zuen laguntzailerik zintzo, prestu eta atseginena izan zen eta harreman estuagoak ere izan zituzten, Otaeguiren emaztearen ahizpa Bonaparteren bigarren emaztea izan baitzen.

Ugari samarrak izan ziran Bonaparteri egin eta bidali zizkion itzulpenak: San Mateoren Ebanjelioa, Ruten Liburua, Jonasen Profezia, Salomonen Cantan cantea, Eguren jaunen metodon Laugarren partea eta dotrina bat, hauek denak Zegamako euskarara itzuliak. Aparte daude beste hainbat dotrina berak zuzenean itzuliak edo beste norbaiten oinarria harturik berak moldatuak, hala nola, Azpeitia, Hernani, Billafrankakoak, eta Tolosakoa. Edo gipuzkera literariora itzuli zuen San Juanen Ebanjelioa.

Bonaparte Ondarean ez daude, zoritxarrez, euskarara itzuli zituen eskuizkribu guztiak. Gazteleraz idatzitako lan apologetikoaz gain,daude San Marcosen Ebanjelioa, Salomonen Kantuen Kanta eta Apokalipsia, denak 1867. urtean idatziak.

Dialektologiaren aldetik, Zegamako hizkerara itzuli zituen lanak dira interesgarrienak, bere hizkera zenez, itzulpen horietan agertzen delako benetako herriko hizkera. Horrez gain, Bonaparteri bidali zizkion hitz zerrendak gelditzen dira, baina, ez direnez testuak, ez dira hemen argitaratzen.


Bruno Echenique

Bruno Eugenio María Echenique Garmendia zuen izen osoa, eta Nafarroako Urdazubin jaio zen 1819an. Bizi, Elizondon bizi izan zen, Datuegaraia deituriko jauregian. Aita Urdazubikoa zuen eta ama Berakoa. Iparraldeko Larresoron egin omen zituen ikasketak. Iruñean hil zen 1893an.

Antoine d'Abbadieren bitartez Baigorrin ezagutu zuen L. L. Bonaparte 1856. urtean. Hantxe kargutu zion Printzeak S. Mateoren Ebanjelioaren itzulpena Baztango hizkerara, eta, bete ere, aski arin bete zuen hartu zuen hitza, hurrengo urtean argitaratua baitzegoen liburua. Bonapartek Euskal Herrira egin zituen hiru bidaietan, behintzat, Echenique izan zuen laguntzaile, nahiz Nafarroako herrietan zehar, nahiz biek atsegin zituzten ihizaldietan. Datuegaraia ere izan zuen ostatu Printzeak, eta han prestatu zuten elkarrekin Nafarroako herrietako lehenengo ibilaldia. Eta idatzi zizkion gutunetatik atera daitekeenez, kolaboratzaile zintzo izatez gain, estima handian zuen laguna ere bazen.

Bonaparte printzearen lankiderik prestuena izan zen, haren orientabide, ohar eta helburuetara zorrotz eta argitasunez lotuz eskatu zizkion itzulpenetan. Izan ere, Bibliako hainbat liburu euskaratu zizkion -San Mateoren Ebanjelioa birritan, Salomonen Cantuen Cantua, Ruthen liburua, Jonasen Profezia, Apostoluaïn Apocalypsis edo Revelacioa- eta dotrina Baztango aldakira eta, bereziki, Elizondoko hizkerara, eta Berako Dotrina ere bai; P. Tornariak Lizasoko hizkerara egin zuen dotrina ere Echeniquek berak kopiatu eta, ziurrenez, ahoskera Bonapartek nahi zuen grafiara egokitu zuen. Gehiagotan ere lagundu zuen Printzea, hainbat eskuizkribu bidali zizkion Bonaparteri, han eta hemen batuak, Nafarroako iparraldeko goi-nafarrera ongi ezagutzen zuenez, sailka zetzan. Baita Nafarroako gipuzkerara itzuli, edota kopiatu eta egokitu egin zituen Urdiaingo Dotrina eta Etxarri-Aranatzeko Dotrina.


Joaquin Lizarraga

Iruñetik 10 kilometrora dagoen Elkano herrian jaio zen Joaquín Lizarraga, 1748ko irailaren 17an. 12 urte zituenean Iruñeko jesuiten ikastetxera joan zen Humanitateak ikastera eta 1765. urtean, Villagarcía de Camposen, Kompañiako nobizio bezala sartu zen. Espainiako Erregeak, bere lurraldeetatik 1767. urtean jesuitak bota zituenean, Lizarragak Elizako ikaskizunekin jarraitu egin zuen eta 1771. urtean, 23 urterekin, apez egin zen. Urte berean Elkanora bidali zuten eta han egon zen bikario bezala 64 urtez, han bertan 1835eko urtarrilaren 20an hil baitzen.

Formazio onekoa, euskararekiko atxikimendua gazteetatik etorriko zitzaion seguruenik, garai hartakoa baita jesuiten inguruan Larramendiren eraginez sorturiko "euskararen urrezko aroa". Ez da ahantzi behar, bestalde, Lizarraga Iruñeko jesuiten ikastetxean egon zenean, Sebastian Mendiburu ere han zela eta, noski, elkar ezagutuko zutela eta euskararen aldeko joera piztuko zitzaiola.

Eragin horien ondorioa da bere lan idatzia: sermoiak, Jesus, Maria eta santuen bizitzak, dotrinak, San Juanen Ebanjelioa, kopla ugari eta abar, euskaraz idatziak. Lan oparoa, bere bizitza bezalakoa, 4500 bat orri letra xehe eta txukunez idatzi baitzituen. Beste apezek euskaraz gaiak eta materialak izan zitzaten idazten zuen. Argitaratzeko asmoa izango zuen agian, baina ez zuen ezer argitaratu. Dena den, garbi agertzen dena da ez zuela bere obra galtzerik nahi. Bere ilobari, Francisco Joaquín de Unciti, Orrioko bikarioa zenari, utzi zizkion idatzi zituen testuak. Iloba hil ondoren Lizarragaren sortu etxera, non bizi izan baitzen, itzuli ziren eskuizkribu guziak. Gero banatu ziren leku desberdinetara: batzuek Iruñeko seminariora eta kaputxinoen komentura. Beste batzuk, ordea, Luis Luciano Bonaparteren eskutara iritsi ziren eta horiek dira, Bonaparteren Ondarean, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean gordetzen direnak.

Joaquin Lizarraga ez zen izan, ordea, esan den bezala, Bonaparte Printzearen laguntzailea, aspalditxotik hila baitzen. Halere, laguntza handikoa izan zuen haren lana, Printzeak haren eskuizkribuak erabili baitzituen eta hegoaldeko goi-nafarrera, Egueseko bailarako euskara batez ere, ezagutzeko eta aztertzeko aukera hobeagorik ezin zukeen izan. L. L. Bonapartek bi argitalpen prestatu zituen, biak Londresen, 1868. urtean. Dena den, kontutan harturik ez zuela euskalki honetako laguntzaile zehatzik izan, euskara aurkitzen zen egoeragatik, Elkanokoaren lanek, nagusienak sermoiak noski, hutsune hori, neurri on batean, bikain bete zuten.


Jean Pierre Duvoisin

Lapurtarra zen, Ainhoan 1810. urtean jaioa, baina Ezpeletan pasatu zuen haurtzaroa. Larresoroko eskolan hogei urte arte egon zen eta han hartu zuen, noski, izan zuen kultura humanistikoa eta prestakuntza gero egin zituen idatz lanetarako. Aitaren aduanetako lanpostuan ia hogeita hamar urte eman bazituen ere, euskal literaturari eta itzulketari trebetasunez ekin zien, lapurteraz, batez ere, hainbat lan sortuz eta garatuz. Ez da, bada, harritzekoa, 1856. urtean, Bonaparte Printzeak Euskal Herrira egin zuen lehenengo bidaian, aldez aurretik ezaguna zuen Antoine d'Abbadie Jaunarekin harremanetan Baionan jartzerakoan, honek Jean Pierre Duvoisin hari aurkeztea. Eta, ordutik, Duvoisin Printzearen kolaboratzaile fina bihurtu zen eta bizitza osoan, urte berean hil baitziren biak, 1891.ean hain zuzen, elkarrekin harreman estuak izan zituzten. Ezagutzen ditugun Bonaparteri idatzitako 176 gutun dira horren lekuko.

Bonaparteren aginduz lapurterara itzuli zuen lehenengo lana Iturriagaren Solastaldiak izan zen, 1857. urtean itzuli eta argitaratzen baita. Duvoisinek, itzulpenetan ezezik, irizpideetan ere laguntzen zuen Printzea. Itzulpen lanetan egin zuen ekintzarik nagusiena 1859. urtean gertatu zen. Orduan, 49 urte zituenean, bere lana -aduanetako kapitaina baitzen- utzi eta Bonaparteren esanetara jarri zen. Lehen egitekoa Biblia Saindua lapurterara itzultzea izan zen, eta, zorionez, xedea bete eta itzulpena osorik burutu zuen. Bonaparteren helburua Biblia osoa euskalki guztietara itzuli eta gero argitaratzea izan bazen ere, Duvoisinek lapurterara egin zuen itzulpenetik at, ez zuen besterik lortu. Bestalde, euskaraz lehenengoz argitaratu zen Testamentu Zahar eta Berriaren testu osoa Duvoisinek itzuli eta Bonapartek argitaratu zuena izan zen.

Bonaparte Ondarean ez daude, zoritxarrez, Bibliaz gain argitaratu zituen beste Liburuen eskuizkribuak. Hau da, Salomonen Kanten Kanta, Ruthen liburua eta Jonasen Profezia liburuak, alegia.


Jean Martin Hiribarren

Azkainen jaio zen 1810. urtean eta Baionan hil 56 urte zituelarik. Apez egin zen eta Bardozeko eta Urruñako erretore bezala agertzen da. Escaldunac poema luzeagatik bada ere ezaguna, beste lan batzuk ere idatzi zituen, euskal gramatika eta euskal hiztegia tartean direlarik. Halere, gehienak argitaratu gabe gelditu ziren.

Bonaparte Ondarean aurkitzen den poema luzea, Napoleon Lehena deitzen dena, ezezaguna eta argitaratu gabea zen. Hiribarrenek berak entregatu zion Bonaparte Printzeari honek Euskal Herrira egin zuen lehenengo bidaian, 1856. urtean, hain zuzen. Poema Bonaparteri eskaintzen dio: Lucien Bonaparte Inperial Yaunari, bi ahapalditako bertsotan hasieran idatzia dagoen olerkiaren bitartez. Data ere ezarria dator bertan eta Bardozen izan zeneko garaikoa da, egileak berak diolako: Bardoitzen eguina Agorrilaren 5ean 1856an. Egileak poema Bonapartek argitaratzea nahi zuela dirudi. Edozein modutan, Bonapartek ez zuen inoiz poema hau argitaratzeko asmorik izango, ez baitzion, zerbait argitaratzeko asmotan zebilenean ohi zuen bezala, berak zuzenketa txikirik ere egin.

Testua lapurteraz idatzia dago, noski, eta lapurtera onean. Halere, hizkuntza poetikoa gogortxoa gertatzen da, ez oso malgua eta ez ulerterraza ere, nahiz egiten dituen hiperbatoak gogorregiak direlako, nahiz, lexikoari dagokionez, hitz ezezagun gehiegi darabiltzalako.


Jean Baptiste Dasconaguerre

Baionan jaio zen 1815. urtean. Parisen goi-ikasketak egin zituen, zuzenbideko karreran doktoregoa lortuz. Eskribau bezala agertzen da, lehenengo Nafarroa Behereko Bastidan eta 1861etik 1884ko urte arte Baionan. Haren bizitzaren gorabeherez, ongi dokumentaturik behinik behin, ez dakigu gauza askorik, urte askotan Kontseilu Orokorreko diputatua izan zela izan ezik.

Literatura mailan, euskaraz idatzi den lehenengo eleberriaren autoretza Dasconaguerreri zor zaiola esan ohi da Atheka-gaitzeko oihartzunak deitzen den eleberriarekin, lehenengo frantsesez argitaratua izan zena Les échos du pas de Roland izenburuarekin. Dena den, Bonaparteren Ondare honetan, lapurteraz idatzirik dauden eskuizkribuen artean, eleberri horren zenbait zati, eta eleberri horretan Bonaparteri zuzendutako gutunaren kopia bat aurkitzen dira, baina eskuizkribuak ez dirudi Dasconaguerrerena denik, ez baitago sinatua eta letrak ere ez dirudi harena. Beste gutun bat Ondare honetan dagoena Dasconaguerrerena da, Luis Luziano Bonaparte, Printze Gora Emperadoretarrari zuzendua, azkenean bere sinadura duelako ezarria; aurrekoak, berriz, sinadurarik ez izateaz gain, letra ere, gutun honetakoarekin erkatuz, desberdina du.


Iribarnegaray Abadea

Ondare honetan, Mendebaldeko behe-nafarreraz idatzirik dauden testuen kopururik handiena Baigorriko azpi-euskalkira itzuliak daudenek hartzen dute eta hauetatik gehienak Iribarnegarayk itzuli zituen: Yesu Crichtoin Ebanyeliua San Mathioin arabera, Yan Donaaniin Apokalipza, Kantiken Kantika, Erruthen Liburua, Yonasen profezia eta Hirur haurren cantica.

Hizkuntzaren erabileraz ere, egin zuen itzulpena maila apalagokoa dela Cazenavek Garaziko azpieuskalkira egin zuena baino esaten da. Horrela balitz ere, ez zen erkaketa beharrik, erkaketak asko egin daitezkeelako, batetik, eta eskaintzen den iritziak ez duelako testua bere izatean eta zuzenean begiztatzen, bestetik, zeharbidez baizik. Eta kasu honetan, zeharbidez, gutxietsi bezala egiten da itzulpen hau, itzulpen aski bizia delarik, halere, euskal sena begiratuz egina eta herriaren erabilera jasoz, beti ere zabarkeriatik alde eginez.


Cazenave abadea

Ekialdeko behenafarrerari dagokionez, Ondarean dauden eskuizkriburik nagusienak, Abbe Cazenaverenak dira. Bere bizitzaz ez da ia ezer ezagutzen. Mithiriñako erretore izan zela, behinik behin, badakigu, eskuizkribu batean berak esaten baitu "L'Abbé Cazenave curé de Beyrie de St. Palais", Mithiriña frantsesez Beyrie-sur-Joyeuse deitzen baita, edo Beyrie besterik gabe.

A. Cazenavek hainbat itzulpen egin zituen eta, Lacomberen iritziz, San Mateoren ebanjelioarena oso ona da. Liburu horrez gain, Cazenavek Garaziko aldakira itzuli zituen liburuak dira: Apokalipsa, Dotrina eta Jonasen Liburiari egiten dizkion oharrak. Azken eskuizkribu honetako testuaren letra ez da berea, baina Bonapartek, hala eta guziz ere, berak egin zuen liburu horren edizioan Cazenaverena bezala argitaratzen du. Berdin gertatzen da Salomonen Kantiken Kantikarekin ere, eskuizkribuko testuari egiten zaizkion oharrak Cazenaverenak dira eta testuaren letra, berriz, beste norbaitena; haatik, Bonapartek, egin zuen argitalpenean, autoregoa Cazenaveri esleitzen dio. Cazenavek, Amikutzeko aldakira, Donapaleuko doktrina itzuli zuen; eta Arberoakora, Donamartiriko Dotrina. Esan daiteke, beraz, oso emankorra izan zela Cazenaveren lankidetza, baita egiten dituen oharrengatik eta ematen dituen azalpenengatik ere, zehatzak eta hizkuntzaren aldetik oso argigarriak baitira, eta laguntzaile bikaina izan zuela harengan.


A. Salaberri D'Ibarrole

Donibane-Garaziko notarioa zen eta 79 urte zituen Bonaparte Printzeak ezagutu zuenean, 1777. urtean jaioa baitzen. Bi lan argitaratu ziren bereak Vocabulaire de mots basques bas-navarrais traduits en langue française (1856) eta L'Evangile selon Saint Mathieu, sur la version de M. Le Maistre de Sacy, traduit en langue basque, dialecte bas-navarrais (1856). Dena den, Bonaparte Ondarean ez dago itzultzaile honen eskuizkriburik eta, beraz, ez da testu horien ediziorik egiten hemen. Salaberriren itzulpenak ez zituen, nonbait, hain gogoko Bonaparte Printzeak, ez baitzuen Garaziko euskara hutsa erabiltzen; Baigorriko formak eta lapurterazkoak ere sartzen omen zituen bere itzulpenetan.


Emmanuel Inchauspe

Emmanuel Inchauspe Zuberoako Zunharretan jaio zen (1815). Baionako Seminarioan ikasketak egin ondoren apez egin zen eta hogeitabi urte igaro zituen hiri hartako ospitalean kaperau. Elizgizon bezala pertsona ospetsua izan zen eta hainbat kargu izan zituen: Baionako elizbarrutian Kalonje, Bikario eta Apezpikuaren Idazkari Orokorra izan zen, eta Vatikanoko Kontzilioan teologo bezala parte hartu zuen. Azken hamabi urteak bere arrebarekin bizi izan zituen Omizen, haurtzaroa igaro zuen herri berean zendu arte (1902). Euskaltzale eta euskal ikerlari izan zen eta euskararen alde lan handia egin zuen, batez ere zuberera landuz. Le verbe basque, zubererazko aditza, beste euskalkietako aditz zerrendez osagarri gisa, idatzi zuen eta Bonapartek argitaratu zion (1858). Axularren Gueroco-Gueroren edizioa berrargitartu zuen (1864).

Aipaturiko lan horiek ez ziren izan bakarrak, beste liburu erligioso batzu ere itzuli eta idatzi baitzituen, denak zubereraz. Frantsesez ere idatzi zuen pare bat obra. Halere eta besteak beste, Inchauspek euskal letretan duen izena Bonaparteren laguntzaile izatetik eta itzultzaile bezala harentzat egin zituen lanetatik datorkiola esan daiteke. Printzeak Euskal Herrira egin zuen lehenengo bidaian, 1856ko uztailaren 19an, Baionara iritsi zenean d'Abbadiek berak ezezik, Jean Pierre Duvoisinek eta Inchauspek hartu zuten. Horrela hasi zen Bonaparterekin izan zuen harreman estua. Itzultzaile bezala bost urtez, 1861. urtera arte, ihardun zen harentzat lanak egiten, harremanak luzaroago iraun zuten arren. Inchauspek Testamentuko testuen itzulpen zehatzak eta jatorrizko testu errebelatuari hertsiki lotuak egiten zituen eta, uste ere, horrela behar zuela egin uste zuen; Bonapartek, aldiz, hizkuntzaren eta euskalkiaren erabileraren aldeko kezka baino ez zuen. Hori izan zen, bada, Inchausperi eragin zion arrazoia uzteko Bonaparterentzat itzultzaile-lanak egiteari. Bonapartek eskatuta egin zituen itzulpenak honako hauek dira: Jaundone Johane Apostoliaren Apokalipsa; Kristau Dotrina hiru aldakitara: Atharratzekora, Barkoxekora eta Literariora; Ineffabilis Bula eta Iturriagaren Solastaldiak.


J. B. Archu

Zubererarako Bonapartek izan zuen beste koraboratzailea J. B. Archu izan zen. 1811. urtean Altzürükün jaioa eta La Réole (Gironde) herrian 1881. urtean hila. Maisua eta eskola-inspektorea izan zen. Bonaparte ezagutu aurretik bazuen euskararako zaletasuna. 1847an Etxepareren obra frantsesera itzuli zuen; Oihenarteren olerkiak ere frantsesera berak itzuli zituen eta hurrengo urtean La Fontaineren zenbait alegi zubererara. Archu 1859. urtean, d'Abbadiek aurkezturik, hasi zen Bonaparterentzat itzulpenak egiten. Daviden Gorantzak edo Psalmiak itzuli zituen, Genesia, Jonasen Libria, Ruthen Libria eta Salomunen Kantiken Kantika, denak Testamentu Zaharrekoak, zuberera ederrera itzuli zituen.


Mariano Mendigacha

Bonapartek bi laguntzaile mota izan zituen, batzuk lekukoak eta itzulpenak egiteko laguntzaile izan zirenak, agian ahoz egile ere izan zirenak, baina beren eskuz idatzitako testurik utzi ez zutenak; eta besteak, hemen editatzen diren testuen idatzizko egile edo itzultzaile ezagunak.

Erronkariera jasotzeko, lehenengo taldean kokatzen den Mariano Saturnino Mendigacha Ornat aipatu behar da, Bidankozen 1832. urtean jaio eta herri berean 1918an zendu zena. Laboraria eta baita Bonaparteren kolaboratzailea ere izan zen, Printzea Erronkarira joan zenetik, 1866an, Euskal Herrira egin zuen hirugarren bidaian hain zuzen ere. Bestalde, Bonapartek Euskal Herrira egin zuen bosgarren bidaian, azkena izan zena (1869), Erronkarira itzuli nahi izan zuen, agindua zuen bezala, datu biltzearekin eta azterketekin jarraitzeko, baina Hegoaldera ez zuen etortzerik izan, Espainiako egoera politikoak ez baitzuen horrelakorik gomendatzen. Horregatik, Donibane-Lohizunen geldituz, hara joanarazi zuen, beste batzuen artean, erronkarierarako Mariano Mendigacha. Bestalde, ez dugu Bonaparteri idatzitakorik deus ikusi eta ezer idatzi ote zion ere ez da ezagutzen, berak egiten duen aipamen labur bat izan ezik; baina ahoz informazio ugari eman zion. Bai, aldiz, haren testigantza idatzia zenbait urte beranduago Resurrección Mª de Azkueri bidali zizkion gutunetan gelditu da, Azkueren kolaboratzaile ere izan baitzen.


Pedro Prudencio Hualde Mayo

Erronkarieraren informazioa emateko eta itzulpenak egiteko Bonaparteren laguntzailea Pedro Prudencio Hualde Mayo izan zen. Bidankozen jaioa 1823. urtean, 1879. urtean hil zen Bidankozen bertan. Ikasketak Aragoiko Salvatierran eta Iruñeko Institutuan eta Seminarioan egin zituen. Presbitero 1850. urtean egin zen eta Zolinan eta Uztarrotzen egon ondoren, Bidankozen egon zen erretore, azken aldera, zenbait atsekabe izan ondoren, beste herritan ibili zelarik ere.

Hualde Mayok San Mateoren Ebanjelioa eta dotrina bat itzuli zituen eta, euskararen aldetik, oso estima handia izan dute, euskara ederrean eginak baitaude.


Pedro José Samper eta zaraitzera

Bonaparte Printzeak Zaraitzun ez zuen izan benetako kolaboratzailerik, Bruno Echenique, Claudio Otaegui edo A. Uriarteren parekorik, esan nahi baita. Izan zuen harremana, urte andana baten behinik-behin, Marcelino Juanco, Otsagiko apezarekin izan zen. Baina harremana ez zuten zuzenean izan, Bruno Echeniqueren bitartez bidaltzen baitzizkioten elkarri mezuak, Echeniqueri Printzeak idatzi zizkion gutunetan hori ematen baita, neurri batean, aditzera. Nolanahi ere, Bonaparte Ondarean gordetzen diren eskuizkribuen artean ez dago Marcelino Juancoren eskuizkriburik. Otsagiko hizkerara itzulia dagoen eskuizkribu bakarra, dotrina bat, Marcelinoren aita eta Otsagiko maisu izan zen Juan Marco Juancorena da.

Pedro José Samper Elizari Eiaurrietan jaio zen 1815. urtean, eta bertan hil zen 1870ean. Eiaurrietako erretorea izan zen eta, Ondarean dauden eskuizkribuen arabera, zaraitzeraz idatzirik dauden material ugarienak bereak dira. Esan daiteke, bestalde, bere itzulpenek ongi agertzen dutela Eiaurrietako hizkera bera, dirudienez, ia beti, han bizi izan baitzen eta gurasoak ere hangoak baitziren.

Pedro José Samper beti izan da aipatua Bonaparteren hastapenetako kolaboratzaile bezala. Halere, hori zalantzan jarri beharreko puntua dela pentsa daiteke ongi aztertzen bada Echeniquerekin izan zuen gutunketa. Bonaparteren gutunetan maiz ageri da zaraitzeraz duen kezka eta ardura eta oraindik maizago aipatzen ditu Otsagiko Juanco aita-semeak, baina ez du behin ere beste laguntzailerik aipatzen. Inoiz Zaraitzutik at bizi diren bi apezen izenak ere aipatzen dira gutun batean eta, beste bizpahirutan, Otsagin Orontzeko dotrina bat oparitu zion apez batena ere, baina honen izena jakitera etzen iritsi, Oliteko Rekoletoetan zegoela edo horietakoa zela besterik ez. Beraz, horiek kontutan hartuta, ulergarria al da bederatzi-hamar urtetako gutunetan sekula ez aipatzea Samper Echeniqueri, honi berari hainbeste aldiz eskatzen dionean laguntza bailara horietako hizkera hobeki ezagutzeko? Horrez gain, bailara horietara egin zuen azken bidaiaren ondoren, 1866ko apirilaren 12an idatziriko gutunean ez dio Samperen izenik ematen, baizik honako hau esaten dio: "J'ai déja donné de mes nouvelles aux deux curés de Jaurrieta et de Vidangoz". J. Urquijo (1910, 292).

Zer agertzen du honek? Lehen esanikoa ontzen du, hau da, Echeniquek ez zuela Samperen izena ezagutu ere egiten, ezinezkoa litzatekeena, bestalde, Samperek aspalditik izan balitu harremanak Bonaparterekin. Eta, bukatzeko, Samperek berak Bonaparteri egin zion gutunetik ere atera daiteke Bonapartek data hauen aurretik ez ziola sekula laguntzarik eskatu, eta hori ere ulertezina gertatzen da kontestu oso horretan. Ezer gehiago gaineratzekotan, Samper bera hain laguntzaile fina izanik eta lanak hain arin egiten zituena, harrigarriegia da ordurarte beste lanik ez eskatzea, edo Juancotarren laguntzaz baizik ez baliatu izatea. Beraz, eta beste daturik ez balitz behinik behin, orain arte onartutzat jo dena birbegiratu egin beharko litzateke, agian Pedro José Samper hirurogeigarren hamarkadako bigarren erdi aldiko laguntzaile izan zuelako Printzeak.


Pedro José Minondo eta aezkera

Bonaparte Printzeak ez zuen Aezkoan izen handiko laguntzailerik izan. Herritarren artean, batez ere, jaso zituen bailara honetako hizkuntzari buruzko ezaugarriak. Pedro José Minondo maisu garraldarraren dotrina bat argitaratu zuen, hark Martin Elizondo aribearraren laguntzaz egin zuena, baina argitaratzeko Bonapartek izan zuen eskuizkribua ez dugu ezagutzen. Aezkeraz idatzirik dauden eskuizkribuen egileak, salbuespenen bat izan ezik, ez dira ezagutzen. Dotrina guztietan ageri dira idatziak izenak eta deiturak; kasu batzuetan bi izen ezberdin ere bai eta, zenbaitetan, errubrikatuak. Izen horiek, ordea, gehienetan norena izan den dotrina agertzen dute, hau da, dotrinaren jabegoa edo, bestela esan, zeintzuen eskutan egon den urteetan zehar eskuizkribua. Baina egilea edo itzultzailea nor izan zitekeen ez dute argitzen.

Kasuren batean, Orbarako dotrina - 1 izenez deitzen dugun eskuizkribuarenean, esaterako, bi esku desberdinek idatzia dago, eta, gure ustez, dotrina hau eta Orbarako bigarrena, biak, beste eskuizkribu batetik eginiko kopiak dira. Garraldako Dotrina - 1en itzultzailea ere ez da ezaguna. Egile bezala Pedro José Minondo eman izan da, baina hori ziurtatzerik ez dagoela uste dugu. Azkenik, Garraldako Dotrina - 2 eskuizkribuaren egilea Javier Loperena da, Garraldako erretorea izan zena.


José Ignacio Arana S. J.

Jesuita, euskal munduan ospetsua, Azkoitian jaio zen 1838. urtean eta 58 urterekin, 1896an, hil zen. Luis Luciano Bonaparteren bigarren garai aldeko kolaboratzaile zintzoa izan zen. Azken urtetakoa izanik ere, Echeniquerekin batera, Printzeak kolaboratzaile atseginenetakoa izan zuen eta horren lekukorik argienak idatzi zizkion gutunak lirateke. Badirudi ez zutela elkar ezagutu eta beren arteko harremanak oro gutunen bidez izan zituztela.

Bonaparteren ondarean dauden Aita Aranaren eskuizkribuak ez dira luzeak. Ugariak bai, ordea. Gehienak olerkiak eta gutunak dira. Manterolarekin kolaboratu zuen hainbat idatz lan Euskal Erria aldizkarian argitaratuz. Horietako batzuk, hain zuzen, Ondarean dauden eskuizkribuak dira. Denak aipatzen dira testuak editatzen ditugunean.

1877. urtean Aranak Bonaparteri zenbait lan bidali zizkion, denak eskuz idatziak eta batzuek ez dira Bonaparteren Ondare honetan agertzen, aste eta hilabeteen izenak, esaterako. Dena den, Bonapartek Aita Aranaren material guztiak gogoko eta gipuzkerarako hagitz lagungarri izan zituen.


Juan Antonio Moguel

Testu luzeak idatzi edo euskaratu duten idazle sail honekin bukatzeko, Juan Antonio Moguel eta Urquiza aipatu behar da. 1745. urtean, Eibarren jaioa izanik ere, Markinako Xemeinekin lotzen dugu haren pertsona, han hainbeste urtetan erretorea izan baitzen, 1804. urtean hil zen arte. Ezin daiteke esan Bonaparteren laguntzailea izan zenik, XIX. mendearen hasieran hil baitzen, baina gipuzkeraz idatzi zuen Cristau eracasle euscalduna liburua Printzearen eskutara iritsi zen eta, horregatik bada, aurkitzen da Ondarean gaur egun eta, dudarik gabe, Printzeari hagitz baliagarria izango zitzaion.


Beste batzuk

Bonapartek beste laguntzailerik ere izan zuen, herri konkretutako euskarara itzulpenak egin zituztenak; horiekin batera ere aipagarriak dira euskalki ezberdinetan idatzitako beste material batzuen zenbait egile, Printzeak euskararen aldakiak hobeto ezagutzeko eta haietan sakontzeko baliatu izan zituen idatziak, hain zuzen.

Euskalkika sailkatuz honako hauek aipa daitezke:

Bizkaiera

Eusebio Mª Azkue, F. Arrese Beitia, J. C. Renteria, Acisclo X. De Aguirre.

Gizpuzkera

Juan Eloy Udabe, José Antonio Azpiazu, A. P. Iturriaga.

Lapurtera

Edmond Guibert

Mendebaldeko behenafarrera

Ioanes Oxalde Etxezuri

Ekialdeko behenafarrera

B. Celhabe, Jaureguiberry, Bidegarray, J.B. Mendibouru, Henry Noële.

Zuberera

Alkat Barkoxekua, J.B. Barneix, Iriart.



Bibliografia

ALTUNA, Patxi: (1985): "Bonapartek eta Aita Aranak elkarri egin kartak", FLV 46, 305- 342. or.
_____ (1987): "Duvoisinen eskuizkribu argitaragabea", FLV 65, 89. or.

ALZOLA, N. (1958): "Euskerazko eskutitzak A. J. I. Arana Jesuitak Bonaparte Euskalariari, eta Printzipe Jakintsu honek Aita Aranari", Euskera III, 25-28.
_____ (1959): "Euskerazko eskutitzak A. J. I. Arana Jesuitak Bonaparte Euskalariari, eta Printzipe Jakintsu honek Aita Aranari", RSBAP XV, 447.

BERRIOCHOA, V. de (1958): Contribución a los Homenajes del Príncipe Bonaparte y R. M. de Azkue, RSBAP XV, 55-68.

CAMPION, A. (1881): "Carta del Príncipe Bonaparte a D. Arturo Campión", Revista Euskara IV, 190.

DARANATZ, J. B. (1928 - 1929, 1930, 1931): "Correspondance du Capitaine Duvoisin", RIEV XIX, 58-70; 280-286; 425-433; 449-492; XX, 152-181; XXI, 70-97; 334-368; XXII, 44-73; 310-377.

INCHAUSPE, E. (1928): "Une lettre du Prince Bonaparte", Gure Herria 3, 193-196; 427-429.

IRIGOIEN, A. (1957a): "Cartas de Mariano Mendigacha a D. Resurrección María de Azkue. Escritas en vascuence roncalés y en castellano", Euskera 2 139. or.
_____ (1957b): XIII, 220-230; 330-348, 429-452.
_____ (1957c): "Cartas de Inchauspe al Príncipe L. L. Bonaparte", Euskera II, 171-260
_____ (1957d): "Del epistolario de Azkue", Euskera II, 261-393.

LACOMBE, G. (1908): "Quatorze lettres inédites du Prince L. L. Bonaparte au Compte de Charencey", RIEV II, 775-786.
_____ (1909): "Briefe des Prinzen L. L. Bonaparte au H. Schuchardt", RIEV III, 133-139.
_____ (1932): "Lettres du Prince L. L. Bonaparte à D. A. Campion", RIEV XXIII, 192-198.
_____ (1933): XXIV, 304-313.
_____ (1947): "Les traductions basques de St. Mathieu (de 1856 à 1869)", Eusko Yakintza, 294.

PÉREZ GOYENA, A. (1944): Contribución de Navarra y de sus hijos a la Historia de la Sagrada Escritura, "(Notas históricas y bio-bibliográficas)", Imprenta Jesús García, Pamplona.

RUIZ DE LARRINAGA P. Fr. J. 1954): "Cartas de Uriarte al P. L. L. Bonaparte con noticias bibliográficas", ASJU 1, 35-106.

URQUIJO, J. de (1908): "Cartas escritas por L. L. Bonaparte a algunos de sus colaboradores", RIEV 2, 215-221; 655-659.
_____ (1910): RIEV 4, 223-297.

VEYRIN, Ph. (1833): "Carta de S. A. El Príncipe Luis Luciano Bonaparte", Euskal Herria VIII, 404.
_____ (1984): "Carta de S. A. El Príncipe L.L. Bonaparte", Euskal Herria X, 144.
_____ (1934): "Lettres du Prince L. L. Bonaparte à Wortworthe Webster", RIEV 25, 316-333.

ZERIO Y SEGURA, F. de (1969), "Cartas de D. Resurrección María de Azkue a Mariano Mendigacha", Euskera 6, 181-208.
 
Testuen hautaketa|Analizatzaile morfologikoa|Analizatzaile sintaktikoa|Glosarioa|Testuen erkaketa|Batueratik
Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia UNIVERSIDAD DE DEUSTO · DEUSTUKO UNIBERTSITATEA